Nafarroako Gobernuak 1,5 milioi euro inbertituko ditu telekomunikazio-azpiegiturak eta lurraldearen konektibitatea indartzeko
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari atxikitako NASERTIC (Navarra de Servicios y Tecnologías) enpresa publikoaren Administrazio Kontseiluak 2025eko ekitaldi ekonomikoaren itxiera eta datozen 3 urteetarako inbertsioen aurreikuspena aztertu ditu. Aurreikuspen horren barruan, 1,5 milioi euro bideratuko dira jarduera berrietara, Nafarroako Foru Komunitateko telekomunikazio azpiegiturak indartzeko eta erresilientzia teknologikoa hobetzeko.
Inbertsio horiei esker, Nafarroako Gobernuaren telekomunikazio sare publikoko azpiegiturak handitu eta modernizatu ahal izango dira, lurralde osoan telekomunikazio zerbitzuetarako sarbidea hobetzeko. Horrela, berriz ere lagunduko da digitalizazioaren arloko lurralde kohesioa indartzen, eta telekomunikazio zerbitzuetarako sarbidean dagoen arrakala murrizten.
Helburu horrekin, aurreikusitako inbertsioen artean daude: 500.000 euro Goñiburu parajean telekomunikazio zentro bat eraikitzeko, Irati basoko estaldura hobetzeko; 100.000 euro Ujué / Uxueko telekomunikazio zentroa handitzeko, eremuko Lurreko Telebista Digitalaren (LTD) difusio zerbitzua hobetzeko; eta 350.000 euroko inbertsio gehigarria Nafarroako Gobernuaren telekomunikazio zentroen zuntz optikoko konektibitatea hobetzen jarraitzeko. Azken jarduera hori funtsezkoa da bertatik ematen diren zerbitzuen gaitasuna eta egonkortasuna hobetzeko (LTD, larrialdietako komunikazioak, ikastetxeetako konektibitatea, osasun zentroetako konektibitatea, etab.).
Gainera, komunikazio elektronikoen sareek eta zerbitzuek herritar guztiei kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko duten funtsezko eginkizuna kontuan hartuta, beharrezkoa da telekomunikazio azpiegituren erresilientzia eta erabilgarritasuna zaintzea. Horretarako, erantzuteko gaitasuna, berreskuratzea eta jarduera jarraitutasuna indartuko dira, apirilaren 28ko estatu mailako azken argindar etenaldian gertatu zen bezalako gorabeheren aurrean; izan ere, halakoek zerbitzuen etenaldia edo emate baldintzen narriadura nabarmena eragin dezakete.
Testuinguru horretan, aurreikusitako inbertsioen artean 150.000 euro daude telekomunikazio zentro mugikor bat gaitzeko beharrezkoa den azpiegitura eskuratzeko. Zentro hori egoera berezietan lekualdatu ahal izango da, larrialdietako komunikazioetan estaldura indartzeko eta telekomunikazio zerbitzuak berrezartzea errazteko. Era berean, 400.000 euroko inbertsioa aurreikusten da telekomunikazio zentroetan sorgailu elektrikoak instalatzeko, azpiegitura horien erresilientzia bermatzeko eta energia hornidura arriskuan jar dezaketen gorabeheren aurrean ematen dituzten zerbitzuen jarraitutasuna ziurtatzeko.
NASERTICeko Administrazio Kontseiluaren berritze partziala
Bilkuran, NASERTICeko Administrazio Kontseiluan izendapen berriak ere baimendu dira. Zehazki, kide gisa sartuko dira Javier Remírez, lehendakariorde lehena eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, presidente gisa; Luis Calatayud, Hezkuntza Departamentuko Digitalizazio eta Hezkuntza Zerbitzuen zuzendari nagusia; eta Luis Tarrafeta, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazio Zerbitzuko zuzendaria.
Bileran, halaber, honako hauek izan dira: Luis Campos, NASERTICeko zuzendari kudeatzailea; Txerra García de Eulate, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko zuzendari nagusia; Miriam Martón, Gizarte Babeseko eta Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusia; Javier Echarte, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Plataformen eta Operazioen Zerbitzuko zuzendaria; eta Ignacio Brun, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko (CPEN) aholkulari juridikoa.
Iturria: navarra.es