Nafarroako Gobernuak landa eremuetara hurbildu du Despopulazioaren aurkako eta Landa Garapenerako Foru Legearen aurreproiektua, lurraldearen eskaerak entzuteko
Nafarroako Gobernuaren Herritarren Arretarako Bulego Mugikorrak Foru Komunitateko landa-eremuko hainbat udalerritan barrena hasi du bere ibilbidea, Despopulazioaren aurkako eta Landa Garapenerako Foru Legearen aurreproiektua herritarrengana hurbiltzeko eta etorkizuneko arauaren prestaketan parte hartzea errazteko helburuarekin. Ekimenaren barruan bost parte-hartze jardunaldi egingo dira, irailean eta urrian, Eratsun, Antzin, Buñuel, Sánsoain eta Izaban.
Saio horietan aurreproiektuaren edukia eta irismena herritarrei aurkeztuko zaizkie, zalantzak argituko dira eta lurraldetik bertatik ekarpenak jasoko dira. Jarduketa horrek osatu egingo ditu etorkizuneko legearen izapidetzean Lurralde Kohesiorako eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko departamentuek gaitutako parte-hartze bideak.
Lehendakaritzako eta Berdintasuneko Departamentuak bultzatutako eta NASERTIC sozietate publikoak kudeatutako Bulego Mugikorrak bide berri bat eskaintzen du, landa-udalerrietara ez bakarrik zerbitzu publikoak hurbiltzeko, baita haietan bizi eta lan egiten duten pertsonengana politikak egiteko eta herritarrek parte hartzeko prozesuak ere.
Bost herritan egingo dira jardunaldiak irailean
Bulego Mugikorra astebetez egongo da ibilbide honetan sartutako bost herrietako bakoitzean. Zehazki, Eratsunen izango da abuztuaren 31tik irailaren 4ra; Antzinen irailaren 7tik 11ra; Buñuelen irailaren 14tik 18ra; Sánsoainen irailaren 21etik 25era; eta Izaban irailaren 28tik urriaren 2ra. Aurreproiektuari buruzko parte-hartze jardunaldi espezifikoak irailaren 3an egingo dira Eratsunen, irailaren 10ean Antzinen, irailaren 17an Buñuelen, irailaren 24an Sánsoainen eta urriaren 1ean Izaban. Jardunaldi guztiak 16:30ean hasiko dira.
Helburua da udalerri horietako eta inguruko herritarrek lehen eskutik ezagutzea landa-eremuan bizi eta lan egiten duten pertsonen parte-hartzearekin eraikitzen ari den arau bat, eta ondoren parlamentuko izapidetzeari jarraituko diona.
Testuinguru horretan, Herritarren Arretarako Bulego Mugikorraren jardunaldiek aukera emango dute prozesua landa-udalerrietara zuzenean eramateko, aurreproiektuaren edukia azaltzeko eta herritarren ekarpenak jasotzeko. Horrela, ekimenak legearen beraren helburuetako bati erantzuten dio: zerbitzu publikoak eta politika publikoetan parte hartzea lurraldera hurbiltzea, eta etorkizunean Nafarroako landa-eremuaren norabidea markatuko duten neurriak definitzen laguntzeko aukera bermatzea.
Lurralde landatarra politika publikoen erdigunean jartzeko legea
Aurreproiektuak despopulazioari aurre egiteko, landa-garapena sustatzeko eta lurralde-kohesioa bermatzeko esparru integrala ezartzen du, erronka demografikoa politika publiko guztietan zeharka txertatuz. Neurri nagusien artean daude politika publikoak prestatzeko nahitaezko eragin demografiko eta lurralde-eraginaren txostena, despopulazio-arriskuan dauden udalerrien sailkapena, laguntza ekonomikoko neurriak, landa-etxebizitzaren estrategia bat, ekintzailetzaren sustapena, zerbitzu publikoen indartzea eta eskaripeko garraioa.
Arauak bermatu nahi du landa-udalerri batean bizitzeak ez mugatzea zerbitzuetarako sarbidea edo bizi-proiektu bat garatzeko aukerak. Horretarako, hezkuntzan, osasunean, gizarte-zerbitzuetan eta konektibitatean jarduketak aurreikusten ditu, baita landa-etxebizitza babestu eta kolaboratiboa, etxebizitza hutsak mobilizatzea eta ondarea, paisaia eta herrien nortasuna babesteko neurriak ere. Era berean, Bereziki Babestutako Landa Ekintzailetzaren figura sortzea, belaunaldi-erreleborako laguntza eta tokiko ekonomia, landa-turismoa eta ekonomia berdea, soziala eta kooperatiboa sustatzeko neurriak jasotzen ditu.
Bulego Mugikorraren bidez sustatutako herritarren parte-hartzeak aurreproiektuak bultzatzen duen lurralde-gobernantzaren ereduari erantzuten dio. Eredu hori funtsezko tresna da erronka demografikoari eta landa-garapen orekatuari aurre egiteko, administrazioen arteko koordinazioa eta toki-erakundeek nahiz eragile ekonomiko eta sozialek erabakiak hartzeko prozesuan duten parte-hartzea sustatuz.
Iturria: navarra.es