Skip to main content
Image
De izquierda a derecha, Jesús Lacalle, Miriam Martón, Javier Remírez, Luis Campos, Txerra García de Eulate y Estrella Petrina, en la entrada del laboratorio de NASERTIC.

Nafarroak Nekazaritzako Elikagaien eta Toxikologia Laborategia izango du, berritua eta behar berrietara egokitua

Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilari eta NASERTICeko presidente Javier Remírezek gaur bisitatu du sozietate publiko horren Elikagaigintza eta Toxikologia Forentseko Laborategia, Atarrabian kokatua. Instalazio horiek urtean 50.000 lagin inguru prozesatzen dituzte eta zerbitzu espezializatuak eskaintzen dituzte hainbat arlotan, hala nola elikagaien segurtasunean, ingurumen-kontrolean, toxikologian eta ikerketa genetiko eta forentsean.

Bisita NASERTICeko Administrazio Kontseiluaren bilera instalazio horietan bertan egin denarekin bat etorri da. Kontseiluak 'in situ' ezagutu ditu Laborategiaren erabateko eraberritze-proiektuari ekiteko emandako lehen urratsak. Jarduketaren helburu nagusiak izango dira lan-espazioak bateratu eta optimizatzea, baita instalazioak modernizatu eta hobetzea ere, laborategiak izan duen bilakaerara eta bere jardueratik eratorritako beharretara egokituz. Aurreikusten denez, 2026ko azken Administrazio Kontseilurako proiektua idatzita egongo da, dagokion onespena emateko.

Bisitan zehar, Remírezek balioa eman dio “NASERTICeko profesionalek instalazio horietan egiten duten oso espezializatutako lanari eta egunero Administrazioari, segurtasun-indarrei, elikagaigintzako sektoreari eta beste erakunde publiko batzuei eskaintzen dieten zerbitzuari”. Lehen lehendakariordeak nabarmendu du laborategia “Nafarroarako azpiegitura zientifiko-tekniko estrategikoa dela, bai bere analisien gaitasun eta zehaztasunagatik, bai elikagaien segurtasunarekin, ingurumenaren babesarekin, bide-segurtasunarekin eta ikerketa forentsearekin zuzenean lotutako arloetan egiten duen ekarpenagatik”.

Administrazio Kontseiluak gaur ezagutu dituen eraberritze-planei dagokienez, Remírezek adierazi du “25 urte baino gehiagoz hazten eta gaitasun berriak txertatzen aritu ondoren, beharrezkoa dela instalazio modernoago, funtzionalago eta laborategiaren egungo errealitatera egokituagoetara aurrera egitea”. Jarduketak aukera emango du pixkanaka handitzen joan diren espazioen banaketa modu integralean berrikusteko, NASERTICek bere gain hartutako eskari eta zerbitzu berriei erantzuteko.

400 metro koadrotik 1.200 metro koadrora

Laborategiak Atarrabian garatzen du bere jarduera 1999ko ekainetik. Instalazioek hasieran 400 metro koadro inguruko azalera zuten, eta handituz joan ziren, batez ere Administraziotik eta beste jarduera-esparru batzuetatik sortutako beharrei erantzuteko.

Gaur egun, laborategiak 1.200 metro koadro inguru hartzen ditu. Pixkanakako hazkunde horren ondorioz, jarduera hainbat espaziotan banatu da; beraz, horiek bateratzea eta optimizatzea, eraikinaren modernizazio orokorrarekin batera, etorkizuneko eraberritzearen helburu nagusietako bat da.

Azken ekitaldian, laborategiak 49.339 lagin analitiko prozesatu zituen, eta kopuru horrek azpiegitura horren dimentsioa erakusten du: laguntza teknikoa eskaintzen die bai administrazio eta erakunde publikoei, bai elikagaigintzako sektoreari.

Lagin guztien % 77 elikagaigintzaren arloari dagokio

Elikagaigintzako jarduerak biltzen du laborategiko lan-bolumen handiena, 37.940 laginekin, guztizkoaren % 77.

Horietatik, 13.965 lagin Landa Garapenaren eta Ingurumenaren arloarekin lotuta daude; 10.750 nazio mailako elkarteei dagozkie; 6.191 Nafarroako elkarteei; 4.100 lankidetza publiko-pribatuaren bidez garatutako zerbitzuei, eta 2.934 sozietate publikoei.

Laborategiak laguntza ematen dio elikagaien segurtasunaren eta ekoizpen-baliabideen arloko kontrol ofizialari, eta beste jarduketa batzuk ere garatzen ditu, hala nola Nafarroako lurzoruen mapari laguntza analitikoa ematea, aforo-estazioen monitorizazioa, lehen sektoreari aholkularitza ematea eta abeltzaintzaren trazabilitatearekin lotutako lanak egitea, Nafarroako zein estatuko elkarteekin lankidetzan.

Administrazio eta erakunde publikoei eskaintzen dizkien zerbitzuekin batera, NASERTICek berariazko lankidetzak ditu nazioko elikagaigintzako sektoreko erreferentziazko enpresekin, eta gaitasun analitiko espezializatuak eskaintzen ditu sektorearen kalitateari, segurtasunari eta garapenari laguntzeko.

Urtero ia 9.000 analisi egiten ditu Foruzaingoarentzat

Bolumenaren arabera, bigarren arlo nagusia toxikologia da, 10.025 laginekin, guztizkoaren % 20 inguru. Horietatik, 8.988 Foruzaingoari dagozkio, laborategiaren jarduera toxikologiko osoaren ia % 90, eta beste 1.037 udaletatik datoz.

Analisi horiek, besteak beste, Foruzaingoak zein Nafarroako hainbat toki-erakundek gidariei egiten dizkieten droga-kontroletarako laguntza ematen dute, administrazio-jarduketetan atzemandako abusuzko substantzien presentzia baieztatuz.

Genetika eta ikerketa forentsea

Genetikaren eta analisi forentsearen arloak lagin-bolumen txikiagoa du, baina konplexutasun eta espezializazio tekniko handieneko ildoetako bat da. Azken ekitaldian, 1.374 lagin aztertu ziren, jarduera osoaren % 3 inguru.

Horietatik, 964 Foruzaingoarekin lotutako lanei dagozkie; 256 Justiziaren arloari; 84 Nafarroako DNA Bankuari, eta 70 Aragoiko memoria-elkarteei.

Arlo horren jarduerari esker, polizia-ikerketetarako laguntza eman daiteke, ebidentzien banakako analisiaren eta metodologia aurreratu eta sekuentzialen aplikazioaren bidez, aztarnak identifikatzea eta ebidentzien, pertsonen eta ikertutako gertaeren arteko loturak ezartzea helburu hartuta.

Ildo horretan, Nafarroako DNA Bankuarekin egindako lankidetza eta memoria historikoa berreskuratzearekin lotutako hainbat proiektu ere sartzen dira. NASERTICek lankidetza jarraitua du memoria-elkarteekin eta administrazio publikoekin desagertutako pertsonen identifikazio genetikorako prozesuetan, bere gaitasun analitikoak memoria demokratikoaren erreparazioaren eta berreskurapenaren zerbitzura jarriz.

Oso espezializatutako langile teknikoak, erreferentziazko teknologia eta kalitate-bermea 

Laborategiaren jarduera lau lan-ildotan antolatzen da, oso espezializatutako langile teknikoek eta erreferentziazko ekipamendu teknologikoek osatuta. Eskura dauden baliabideen artean daude masa-espektrometriari akoplatutako likido- eta gas-kromatografia sistemak, kromatografo ionikoak, ICP ekipoak, analizatzaile elementalak, laginak analizatu eta prestatzeko robot autonomoak, sekuentziadoreak, PCR teknikak egiteko ekipamendua eta mikroskopioak, baita laginak segurtasunez prestatu eta prozesatzeko beharrezko ekipamendu osagarriak ere.

Eskaintzen diren zerbitzuen fidagarritasuna ISO/IEC 17025 arauan oinarritutako kalitatea kudeatzeko sistema batean eta ENACek emandako akreditazio-esparru zabal batean oinarritzen da. Horrek bermatzen du akreditazio horretan jasotako saiakuntzen gaitasun teknikoa eta emandako emaitzen baliozkotasuna.

NASERTICeko Administrazio Kontseilua

Atarrabian egindako bilera Javier Remírezek zuzendu du, Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilari eta NASERTICeko presidentea baita.

Aurrez aurre zein online ere parte hartu dute Administrazio Kontseiluko kideek: José Ramón García de Eulate Jiménez, Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko zuzendari nagusia; Josean Vizcay Urrutia, Telekomunikazio eta Digitalizazioko zuzendari nagusia; Patxi Echarte, Plataforma eta Eragiketen Zerbitzuko zuzendaria; Agurtzane Martínez, Berrikuntzako zuzendari nagusia; Estrella Petrina, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko (NUO) zuzendaria; Iván Ortueta, Foruzaingoko burua; Miriam Martón, Gizarte Babeseko eta Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusia; Jesús Mari Rodríguez, Toki Administrazioko zuzendari nagusia; Garbiñe Basterra, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia; Luis Antonio Tarrafeta, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zerbitzuko zuzendaria; eta Luis Calatayud, Hezkuntza Departamentuko Digitalizazio eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia.

Kontseiluko idazkari lanetan, kontseilari izan gabe, Ignacio Brun Garisoain aritu da, CPENeko Aholkularitza Juridikoko Departamentukoa.

Iturria: navarra.es