Skip to main content
Image
El consejero Irujo, junto a una nutrida representación del ecosistema biotecnológico navarro

Irujo kontseilariak adierazi du Nafarroa “fase estrategiko” batean sartzen dela bioteknologia eta biologia sintetikoa enpresa sarera hurbiltzeko, “bai Foru Komunitatearen barruan, bai kanpoan”

Nafarroako ordezkaritza batek, Industria eta Enpresa Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilari Mikel Irujo Amezaga buru zuela, eta CEIN eta Sodena sozietate publikoetako eta NASERTICeko, Nafarroako Iris Berrikuntza Poloaren eta Navarra Health Clusterreko ordezkariek osatua —Foru Komunitateko ekosistema bioteknologikoaren parte dira horiek—, bai eta Nafarroako hogei bat enpresa eta startup-ek ere, Europako bioteknologiaren arloko erreferentziazko ekitaldian, BioSpainen, parte hartu dute. Ekitaldia Bilbon egiten ari da urriaren 1era arte.

BioSpain nazioarteko erreferentziazko bioteknologia-azoka da, eta bioteknologiako enpresak, inbertsio-erakundeak, ikerketa-zentroak, administrazio publikoak eta berrikuntzaren ekosistemako eragileak biltzen ditu, negozioa, inbertsioa eta nazioarteko lankidetza sustatzeko helburuarekin. 

Foru Komunitateak beste urte batez parte hartzen du ekitaldian, partekatutako gune batekin, bioteknologiaren eta osasun-zientzien inguruan Nafarroan dagoen ekosistemari ikusgarritasuna emateko. Bertan dagoen Nafarroako ekosistema osoarekin egindako topaketan, Irujo kontseilariak nabarmendu duenez, “Nafarroan bioteknologiaren eta biologia sintetikoaren garapenerako une estrategiko batean gaude. Fase estrategiko batean sartu gara, helburu bikoitzarekin:  bioteknologia eta biologia sintetikoa enpresetara hurbiltzea, beren prozesuetan txerta ditzaten, eta Nafarroako ekosistemaren gaitasunak balioan jartzea, bai Foru Komunitatearen barruan, bai kanpoan”.

Nafarroa, biologia sintetikoaren arloan gorabidean dagoen huba

Nafarroa biologia sintetikoaren arloan gorabidean dagoen hub gisa sendotzen ari da, Sodenaren, CEINen eta IRIS Nafarroa Berrikuntza Poloaren ekintza koordinatuari esker. Hiru eragile horiek inbertsioaren, ekintzailetzaren, berrikuntzaren eta gaitasun zientifiko-teknologikoen sorreraren bidez sustatzen dute esparru estrategiko honen garapena. Biologia sintetikoak biologia molekularra, ingeniaritza genetikoa, automatizazioa, adimen artifiziala eta datuen analisia konbinatzen ditu biosoluzio berriak garatzeko, eta eragin handiko aukerak zabaltzen ditu, besteak beste, osasunaren, nekazaritzako elikagaien, energia jasangarriaren eta material berrien sektoreetan.

Zehazki, IRIS Poloko Biologia Sintetikoko Laborategiak, NASERTIC enpresa publikoak kudeatzen duenak, berrikuntza teknologikorako gune eta ekipamendu paregabeak ditu Nafarroan, eta enpresa, startup, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoentzat dago irekita, datozen urteetan Nafarroaren garapen ekonomiko eta industrialean funtsezkoak izango diren arloak garatzeko. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bidez, 2,5 milioi euro inbertituko ditu datorren urtean “biofoundry” bat sortzeko; bioprodukzio automatizatuko fabrika horrek sistema biologikoak abiadura handian diseinatu, eraiki eta probatzeko aukera ematen du, bioteknologiaren, osasunaren eta nekazaritzako elikagaien arloan industria-soluzioak eskaintzeko.

Bultzada hori unibertsitateak, ikerketa-zentroak, zentro teknologikoak, punta-puntako azpiegiturak eta bioteknologia aurreratuarekin lotutako 45 enpresa baino gehiago biltzen dituen ekosistema batean oinarritzen da. Testuinguru horretan, IRIS Nafarroa Berrikuntza Poloak ikerketa eta garapen teknologikorako ekipamendu eta zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditu; CEINek enpresa-ekimen berriak sortzea eta eskalatzea sustatzen du; eta Sodenak inbertsioa mobilizatzen eta proiektu berritzaileen hazkundea laguntzen laguntzen du, ezagutza merkatura transferitzea eta negozio-aukera berriak garatzea erraztuz.

Navarra Health Clusterrek azpimarratu duenez, “BioSpain funtsezko hitzordua da Nafarroako enpresa-ekosistemarentzat, gure gaitasunak ekosistema nazionalaren aukerekin konektatzeko aukera ematen baitu. Nafarroak, osasunaren eta biozientzien hub gisa, potentzial handia du urtez urte erakusteko”.

Nafarroako enpresa parte-hartzaileak

Stand-ean dauden Nafarroako hogei bat enpresa eta startup-ek beren produktuak eta zerbitzuak ezagutarazi ahal izango dituzte, eta bezero, inbertitzaile eta bazkide potentzialekin harremanetan jarri.

Honako enpresa hauek dira: Allbiotech, Amets Biotechnology, Betternostic, EAA Med Consulting, Embega Health Care, Eversens, First Assay, Genbioma, Guska, Innoup Farma, Insaight, Mimo Biosciences, Mirror Health, Nanogrow Biotech, Nucaps, Opportunity Health, Popcorn Therapeutics, Trimerbody Pharma eta VLabs.

Enpresa horietako hainbatek Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroaren (CEIN) osasun-sektoreko enpresa emergenteak eskalatzeko HEALTH ScaleUp programan parte hartu dute, edo Nafarroako Garapen Sozietatearen (Sodena) finantza-laguntza dute. Gainera, startup horietako bederatzik aukera izango dute azokara bertaratutako inbertitzaileen aurrean aurkezpenak egiteko.

Iruñeak ATG Synbio Navarra Summit 2026 hartuko du

Biologia sintetikoaren arloan, Irujo kontseilariak Iruñean urriaren 28tik 30era egingo den ATG Synbio Navarra Summit 2026 ekitaldia ere nabarmendu du. ATG SynBio Spain erakundeak antolatzen du, Nafarroako Gobernuaren, Sodenaren, CEINen eta IRIS Poloren lankidetzarekin.

Nazioarteko hitzordu horretan, mundu osoko zientzia, enpresa, inbertsio eta erakunde arloetako erreferenteak bilduko dira, biologia sintetikoaren eta bioekonomiaren erronkak eta aukerak aztertzeko, ezagutzaren sorrera bultzatzeko eta lankidetza global berriak sustatzeko.

Iturria: navarra.es